viernes, 26 de febrero de 2010

Zer gehiago egin daiteke plastikan zuen hezkuntza historian landu ez zenituztenak?

Gure artean hizketan aritu ondoren, erabaki dugu bai Haur Hezkuntzan bai Lehen Hezkuntzan ere, askatasun gehiago utzi behar zaiela haurrei beraien ideak aurrera eramateko. Testuan irakurri dugu garapen artistikoa ez dela bakarrik heldutasunarekin batera automatikoki lortzen, baina iruditzen zaigu gaur egun eskoletan gero eta zehaztuagoak edo zuzenduagoak ematen zaizkiela. Horregatik, eta gehienbat Lehen Hezkuntzari begira, proposamenetako bat iruditzen zaigu sormena landu ahal izateko orri handi bat jarri eta margotzeko material guztiak beraien eskura jarri eta bakoitzak nahi duena marraz dezala utziko genieke. Izan ere, horrela, Haur Hezkuntzako askatasuna berreskuratuko lukete. Baina, gure artean hitz eginda konturatu gara Haur Hezkuntzan ere gero eta askatasun gutxiago dutela. Gutako batek, guk proposatutako ariketaren antzeko bat ikusi zuen eskola batean. Ume txikiak ziren, eta nahiz eta orri handi eta zabal baten aurrean egon eta nahi zuten material guztia eskura izan, bakoitzak aurrean jada marraztuta irudi ezberdin bat zuen eta espazio mugatu bat. Haur bakoitza berean soilik zentratu behar zen.

Helduagoei begira, guri gustatuko litzaiguke, iragarki, komiki eta abarrez gain, ikus-entzunezko mundua gehiago ezagutzeko adibidez zineman ere zentratu gintezkeela, eta erabiltzen dituzten efektu espezialen nondik norakoak ezagutu, eta aztertzeaz gain, sortzea ere ez litzatekeela gaizki egongo iruditzen zaigu. Honekin batera, arropen munduan ere murgildu daiteke. Esaterako, telekin konbinaketa desberdinak egin, prenda desberdinak josiz, etab.

Zer garaiko eraginak jaso genituen gure ustez?

Testua irakurri eta hausnartu ondoren, gure taldean denetarik dagoela ikusi dugu. Izan ere, gutako batek, LGE-ko hezkuntza sistemaren arrasto gehiago jaso zituen bere plastikako saioetan, nahiz eta garaiagatik LOGSE sistema jarraitzeko aukera ere bazuen. Besteok, berriz, 1990-ko LOGSE-ko hezkuntza legedia landu genuen. Oraindik gogoan dugu guk sortu genituen kartel, komiki, collage, diseinu desberdinak… Aldi berean, gogoratzen gara telebista eta ikus-entzunezko komunikazioak landu genituela, iragarki mordo bat aztertu baikenituen. Aipatu dugun LOGSE-ko garaia DBH aldian zentratu gara, hori baita gertuen geratzen zaiguna.

Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, marrazki eta eskulanetan zentratzen ginen. Haur Hezkuntzan gehienbat marrazkiak egiten genituen eta Lehen Hezkuntzan, berriz, eskulanak. Pentsatzen dugu gure adinagatik LOGSE-ko legea jarraituko zutela, baina ez dugu halako xehetasunekin gogoratzen.

Bestalde, aipatzekoa da irakasle bakoitzaren arabera materia oso desberdina lantzen genuela eskolan, izan ere, gutako batek nahiz eta LOGSE-ko legedia jarraitu, LGE-ko materia ematen zuela gogoratzen du. Aldi berean, konturatu gara artea eta honen espresio moduak eta autoreak gizarte ikasgaian ikasi genituela eta ez plastikan. Ikasgai honetan, besteek eginiko lanak aztertu baino guk sortu behar genituen.

martes, 23 de febrero de 2010

BIGARREN ASTEA: AUTOBIOGRAFIA ETA BIDEOAREN HASIERA

Aurreko astean gure autobiografiarekin hasi ginen. Honetarako, gure plastikako oroitzapenak gogoratu behar izan genituen. Hasieran, pixkat kostatu zitzaigun, baina pixkanaka, denok gure autobiografia idatzi genuen. Gurea idazteaz gain, artikulu bat irakurri genuen. Artikulu honen oinarria beste batzuen autobiografiak ziren, eta ausnartzera bultzatu gintuen. Honela, autobiografiak oso garrantzitsuak direla ikusi ahal izan genuen plastika nola lantzen genuen ikusteko, eta zerbait aldatu nahi badugu, egiten genuenetik abiatu behar gara.

Honela, taldeko guztiak autobiografiak egin ondoren, amankomunean genituen gauzak apuntatu genituen eta denok antzeko gauzak egiten genituela ikusi genuen, eta taldeko lauak nahiko gustora aritzen ginen gaietako bat zela ohartu ginen. Beraz, hurrengo saiorako, ikastolan plastikan egindako hainbat material eraman genituen klasera. Material eta autobiografiekin, bideoaren “Nondik gatoz?” atala osatu behar dugu. Baina gure bideoarekin hasi aurretik, aurreko urteko beste bi bideo ikusi genituen, ideia bat egiteko eta nolakoa izan behar den ikusteko..Beraz, bi bideoak ikusi ondoren, gure bideoari forma emateari ekin genion. Hasieran zaila izan zen nola egin pentsatzea, baina, behin ideia bat bururatzean, gidoitxo bat prestatu genuen. Bideorako eramandako materialetatik zeintzuk erabiliko genituen eta zeintzuk esan adostu eta batzuk falta zitzaizkigula ikusi genuen, batez ere Haur Hezkuntzakoak. Eta honekin, gure asteko bigarren saioa bukatu zen.

miércoles, 17 de febrero de 2010

¿Qué está pasando? Hacia dónde va la formación inicial y permanente

Artikulu honen bidez, Fernando Hernandezek (Bartzelonako Unibertsitatearen irakaslea) irakaslea izateko jaso duen prestakuntza guztia azaltzen du. Hala ere, bere hasierako prestakuntzaz gain, beste kurtso, ikastaro, proiektu… batzuk egin ditu, izan ere, honek etengabeko prestakuntzaren garrantzia defendatzen du. Ezin gara daukagun informazioarekin bakarrik gelditu, gizartea berritzen den heinean, guk ere teknika berri eta informazio berria jaso behar dugu. Horregatik, egileak irakasleon prestakuntza gaiaren inguruan kezka handia aurkezten du, berritze hori ikusten ez baitu.

Gai honen inguruan, aipatu nahi genuke, Finlandiaren hezkuntza sistemaren funtzionamendua arreta asko deitu digula, izan ere, ez genekien bertan irakasle prestakuntzak horrenbesteko garrantzia zuenik. Hori dela eta, irakasleek batxilergoaren bataz bestekoa bederatzi bat baino gehiago eduki behar dute eta borondatezko ekintzatan edo ekintza sozialetan parte hartu behar dute. Hau nahikoa izango ez balitz, enpatia, komunikatzeko gaitasuna eta jarrera soziala ere kontuan hartzen dira. Hortaz, esan nahi genuke, honen atzean Finlandiako hezkuntza sistemak defendatzen duen helburua argi ikusten dela, izan ere, hauen ustez “ezin ditugu gure haurrak edozeinen esku utzi”, horregatik, irakasleen prestakuntzan hau guztia ezinbestekotzat jotzen dute.

Finlandiako irakasleen prestakuntza hau ikusi ondoren, gure ustez, hasiera batean hemen jasotzen dugun formakuntza ez da nahikoa izaten. Hau da, irakasleok teorikoki informazio asko menperatzeaz gain, egoera batzuen aurrean parte hartzeko zailtasunak izaten ditugu, izan ere, teoria horretaz aparte ez ditugu beste alderdi batzuk lantzen, esaterako, alderdi emozionala. Azken hau ezinbestekoa dela uste dugu, azken batean, pertsona guztiak honen arabera jokatuko baitugu.

Beste alde batetik, aurkeztu nahi genuke gure erabateko adostasuna testuan aipatzen den ideia batekin; “irakasleak informazio asko eduki arren, transmititzen ez badaki, haurrek jasotako hezkuntza ez da esanguratsua izango”. Ideia honen aurrean, ez daukagu zer esan askorik, izan ere, esan bezala, gure ustez irakasle batek daukan informazioa transmititzen jakin behar du, bestela ez da izango hezitzaile on bat.

Bukatzeko, aipatu nahi genuke, oso garrantzitsua iruditzen zaigula bai hasierako prestakuntza bai etengabekoa lantzea. Hortaz, irakasle batek etengabe egon behar du bere informazioa osatzen eta berritzen, izan ere, gu izango gara etorkizuneko belaunaldien eragile nagusienak.

martes, 16 de febrero de 2010

¿Matan las escuelas la creatividad? (bideoa)

Bideo honetan, aipatzen diren zenbait puntu harritu gaituzte, izan ere, gaur egungo ikasleok hezkuntza sistema aurkezten diguten bezala ulertzen dugu, beraz, bideoan azaltzen diren zenbait ideia ez ditugu inoiz pentsatu.

Esaterako, kreatibitatea hezkuntza bezain garrantzitsua dela esaten da, hau da, haurrek sormena lantzearen garrantzia azpimarratzen du, zoritxarrez, hau hezkuntzaren bidez gutxi garatzen delarik. Honen arrazoi aipagarrienetako bat akatsak egiteari beldurra da. Txikitatik esaten digute akatsak ez direla egin behar, hortaz, ez dugu gure irudimenean ditugun gauzak egiten, azken batean, akatsari diogun beldur hori irudimena mugatzen baitigu. Ideia honek pentsarazi egin digu, izan ere, nahiko identifikatuta sentitzen gara puntu honekin. Batez ere, gaur egun, ez dakigulako irudimena erabiltzen, edo nahiko mugatua dugulako; eta hau, bideo honekin beldur horren eragina dela jabetu gara.

Beste aldetik, aipatu nahi genuke, betidanik ezagutu dugun eskola sistema hizkuntzetan, matematiketan… oinarritzen dela. Bideoan esaten den bezala, hauek izaten dira garrantzia duten ikasgaiak eta, dantza, antzerkia, plastika… hierarkikoki maila baxuago batean kokatzen dira, eta modu batean, nahiko baztertuak gelditzen dira. Baina, zer dela eta hierarkia hau? Egia esan, ezin dugu eman galdera honen erantzun zuzenik, baina gure ustez, azken hauek matematika, hizkuntzak… bezain garrantzitsuak dira. Izan ere, gure ustez, ikasgai guztiek balio berdina izan behar dute, bakoitzak trebetasun desberdinak eskaintzen baitituzte.

Bukatzeko esan nahi genuke, lehen aipatu bezala, ikasgai guztiei garrantzi berdina ematea ezinbestekoa dela, izan ere, pertsona bakoitza desberdina da eta preferentzia desberdinak ditu. Hortaz, aukera ezberdinak eskaini beharko genituzke, horien artean gure gustukoena aukeratzeko ahalbidea izanik. Eta nahiz eta ikasgai bat bestea baino gustukoagoa izan, bakoitzak zerbait desberdina transmititzen digu, balore edo jakintza guzti horiek gure formakuntzarako beharrezkoak izanik.

viernes, 12 de febrero de 2010

Ikasgaiaren inguruko iritzia



Plastikako ikasgai honi dagokionez, lehenengo egunean klasera iritsi eta kurtsoan zehar egingo dugunaren informazio desberdina jaso genuen. Informazio horren inguruan, egia esanda, ez zaigu oso argi gelditu zer den landuko duguna. Hala ere, gure ustez, ikasgai honen asmoa da hezitzaile izango garenez ikasleei transmititzea plastikak uste baino garrantzia handiagoa duela eta hau lantzeko fitxaz aparte beste zenbait baliabide daudela. Honela, kurtsoa aurrera joan ahala, plastikako ikasgai honek duen helburua lortzea espero dugu.